ATXILOKETA ETA MIAKETA BERRIEN AURREAN

      Irailaren 13ak ezker abertzalearen aurkako operazio berri baten arrastoa utzi digu, PP eta Garzonek zuzendu dituzten beste askoren antzera, euskal militanteen kriminalizazioa, sufrimendua eta oihartzun mediatikoa bilatzen duena eta aurrekari susmagarriak pilatzen dituena. Ez da kasualitatea komunikabide batzuetan ezker abertzaleko kide batzuen kontrako muntaiak irakurri berri izatea, ezta Mayor Orejak bere azken elkarrizketa pribatu nahiz publikoetan adierazitakoa

      Esan bezala iragarpen guzti horiek betez dator operazioa eta horren aurrean Euskal gizartearen aurrean honoko adierazpena egingo genuke.

      1. Muntaiaren oinarrian dagoen 18/98 sumarioak dagoeneko frogatu dituen akatsak eta mendeku intentzioak garbi edukirik, atxilotuen berehalako askatasuna aldarrikatzen dugu.

      2. PP-ren irtenbide polizialak elikagaiak behar dituenez, Euskal Herriaren askatasun demokratikoen aldeko borrokan esparru desberdinetan diharduten militanteen aurka eta HB-ren egoitzetan behin berriro ere miaketa eta dokumentu zein diruaren lapurreta saioa salatzen dugu, operazio hau askatasun horien kontrako lehen mailako erasoa delarik.

      3. Euskal Herriaren ukazioa polizia bidez mantentzeko ahaleginetan, udaletan, Udalbiltzan, Batzar Nagusietan, euskalgintzan, kulturgintzan, arlo sindikal eta sozialean inplikatzea kriminalizatu nahi dela adierazten dugu, Euskal Herriaren nazio eraikuntza kolpatuz.

      4. Irtenbide polizialaren porrotaren aurrean, Euskal Herriaren aitortza eta gatazkaren gainditzea lortzeko bide bakarra, operazio hauek kolpatzen dituzten zutabeetan murgiltzea da, askatasun demokratiko eta nazio eraikuntzan, hain zuzen ere.

      5. PP-ren mendeku operazio honen antzutasuna azpimarratzen dugu, nazio eraikuntzaren esparru eta atal desberdinetan dagoeneko inplikaturik dauden milaka militanteen lana eta oraindik ere aktibatuko direnena ezingo dute inondik inora gelditu, Euskal Herriaren aitortza egunetik egunera errealitate ukaezina bilakatzen ari delako.

      Euskal Herrian, 2000ko irailaren 13an

      Índice home